Tamaina errealeko brontzezko eskultura bat jarri da Bilboko Poza Lizentziatuaren kalean, eta eskulturak estadiora begira dagoen neskatila, ilusioz beterik eta harro irudikatzen du.
Maiatzaren 25ean, 18:00etatik aurrera (Espainiako penintsulako ordua), Bilboko San Mames estadioak UEFA Women’s Champions League txapelketako finala hartuko du lehenengo aldiz, Europako emakumezkoen futbol-kluben kirol-ekitaldirik handiena.
Horren harira, tamaina errealeko brontzezko eskultura bat jarri zen martxoaren 6ko goizean Bilboko Poza Lizentziatuaren kale amaieran, Luis Briñas kalearen ertzean, handik igarotzen baitira zaleak estadiora doazenean. Estatuak Nahia moduko neskatoak irudikatzen ditu, estadiora begira dagoen neskatila, ilusioz beterik eta harro; baloia zapaltzen du eta noizbait estadio ospetsuetan finalak jokatzea eta Europako txapeldun izatea du buruan, bere publikoak babestuta, hori lortu duten beste neska batzuek bezala.
2024ko UEFA Women’s Champions League txapelketako finalaren ikur bihurtzen da Nahia, hala nola errespetuarena, inklusioarena eta aniztasunarena emakumezkoen futbolean. Horiek horrela, helburua da kirolean egon beharreko aukera-berdintasunarekiko konpromisoaren adierazgarri izatea estatua, eta aurtengo finala oroitzeko plaka bat jarri diote.
Ekitaldi horretara bertaratu dira Euskadiko emakumezkoen futbolean ospetsu diren hainbat pertsona eta eta futbol-taldetako ordezkari, bai eta beste hainbat erakundetako ordezkariak ere, hala nola UEFAkoak, RFEFekoak, Euskadi, Araba, Gipuzkoa zein Bizkaiko futbol-federazioetakoak eta Athletic Clubekoak. Juan Villa artista eta eskultoreak Capa Esculturasen laguntzarekin batera egindako eskulturarekin atera dute argazkia.
Ondoren, San Mameseko Iparralde aretoan aurkeztu da “Asko dago jokoan” izeneko kanpaina, zeinaren atal nagusia eskultura baita. Besteak beste, mahai-inguru labur bat ere antolatu da; hauexek izan dira parte-hartzaileak: Arantza Gallastegui arbitro gaztea; Deportivo Alaves klubeko emakumeen taldeko kirol-zuzendaria den Dafne Triviño; Real Sociedad taldeko futbolari ohia den Aintzane Encinas eta Euskadiko lehenbiziko entrenatzaile emakumezkoa, Ana Astobieta, sorpresa gehiagoren artean; Irene Paredes munduko txapeldun den euskal jokalariak ere mezua bidali baitu bideo bitartez: "Ni ere izan naiz San Mames bezalako lekuetan Champions finalak jokatzea amesten zuen neskato hori. Zorionez, hori guztia aldatzen ari da, eta harro nago joko-arauak aldatzen ari den belaunaldi honetako kide izateagatik, baina are gehiago, gaur egun horrela egon ahal izateko borrokatu duten aurreko belaunaldiko kideengatik".
Nadine Kesslerek, UEFAko emakumezkoen futboleko arduradun nagusiak, hauxe adierazi du bideo bitartez: “Espainia, gaur egun, emakumezkoen futbolaren munduko epizentroetako bat da eta, horregatik, ez zait bururatzen emakumezkoen futbola ospatzeko modu hoberik, Europako bi talderik onenak Bilboko Katedral ospetsuan lehiatzea baino. Kirol munduko begiak gugan jarriko dira maiatzaren 25ean. Emakumezkoen futbolean historia gehiago sortzea espero dugu".
2024ko UEFA Women’s Champions League txapelketako sarrerak martxoaren 8an jarriko dira salgai, 12:00etatik aurrera. Online erosi ahalko dira, https://final2024bilbao.eus webgunean.