| 25 Apr 2024
Share
Irene Paredes frente al estadio de San Mamés (Bilbao)
  • Egungo munduko txapeldunak "kristalezko sabaiak baloikadaka apurtzen jarraitu behar dela" aipatu du, UEFA Women's Champions League 2024 Final handirako hilabete besterik falta ez denean.

Datorren maiatzaren 25ean, UEFA Women's Champions League 2024 Final handia hartuko du San Mames futbol-zelaiak (Bilbo). Egutegian gorriz markatutako hitzordua da, eta arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango da ikusgai futbola grinaz bizi duen hiri honetan.

Partida hori jokatzen egon daitekeen futbolarietako bat Irene Paredes euskalduna da, Barçako erdiko atzelaria eta Espainiarekin egungo munduko txapelduna. Partidaren eszenatoki berean grabatutako bideo baten bidez, hitzordu horren garrantziaz hitz egiten du, kirol mailan, baina baita maila sozialean ere. "Oraindik kosta egiten zait sinestea zer lortu dugun. Maiatzaren 25ean asko dago jokoan", azaldu du azken urteetan emakumezkoen futbolean eman diren aurrerapauso guztien inguruan.

FC Barcelonako defentsak “Nahia" estatuaren gisako neskatoen istorioa irudikatzen du. “Nahia” martxoaren 6an Bilboko Poza Lizentziatuaren kalearen amaieran jarritako brontzezko eskultura da, eta Irene Paredesen antzeko neskatoak irudikatzen ditu; izan ere, neskato horiek egun batean San Mames bezalako futbol zelaietara ilusioz eta harro begiratu zuten, publikoak babestutako toki enblematiko horietan finalak jokatzearekin amets eginez.

Atzera begiratu eta umea zelarik honakoaz gogoratzen da: “Neska txikia nintzenean ezinezkoa zirudien honaino iristea. Oso harro nago inoiz amore eman ez izanaz. Emakume guztiok merezi dugun errespetua irabazteak asko balio du”, kontatu du Irene Paredesek aipatutako bideoan. Gainera, honako esaldi hau azpimarratu nahi izan du: "Maiatzaren 25ean kristalezko sabaiak baloikadaka apurtzen jarraituko dugu".

Final handirako San Mames betetzeaz jardun du, Bilbok lehen aldiz hartuko baitu final hau. Horrexegatik da hain garrantzitsua hiriarentzat; horrenbestez, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak mundu guztia animatu nahi izan dute emakumezkoen futbolaren jaiaz gozatzera. “Emakumeek futbolean duten ikusgarritasunaren aldeko herritarren ospakizuna izango da, futboleko eliteaz gozatzen dugun bitartean. Euskadin emakumezkoen futbola duela hamarkada batzuetatik hona garatu da kirol hori aitortzeko borrokan egin duten emakume aitzindariei esker”. Eta etorkizunerako mezu bat helarazi nahi izan die “egungo eta hurrengo belaunaldiei, Irene Paredes bezalako futbolarien adibideari jarraituz gaur egun dagoeneko konplexurik gabe amets egiteko benetako aukerak dituztenak”.

Hitzordu handirako atzera-kontua aktibatuta, nor baino nor gehiago arituko dira bi talde kontinenteko garaikur nagusiaren bila, hain zuzen munduko kluben arteko txapelketarik onenaren finalerdietan dagoen Barça defendatzen duen tituluaren bila. Jonathan Giraldezen taldeak Chelsearen aurka jokatuko du Bilboko finalerako postua lortu nahian, eta koadroaren beste aldean, PSG eta Lyon, biak Frantziako taldeak, aurrez aurre izango dira final handiaren atarian.